GARA, 2001/01/11


      Gironan, Defentsa Ministerioan, bonba bat zartarazi dute

      Bi motxilatan zegoen eta artezilarientzako tranpa zela diote polizia iturriek

      Bospasei kilo leherkari zituzten bi motxila ezarri zituzten atzo Gironan, Defentsa Ministerio espainiarraren eremu militarrean. Artezilariek elkarri konektatuta zeuden bi motxiletako bat zartarazi egin zuten, eta besteak segidan egin zuen eztanda. Polizia iturrien ustez, artezilarientzako prestatuta zegoen tranpa bat zen.

      GARA | GIRONA

      Bartzelonako Udaleko suhiltzaileei eginiko dei batean, ETAren izenean hitz egin zuen pertsona batek lehergailu baten berri eman zuen 7.45ean. Bonba Gironako Oriol Martorell i Codina kalean ezarrita zegoen, garai batean Gobernu Militarra zenaren atzealdean, gaur egun Defentsa Ministerioaren ordezkaritza dagoen tokian, Gobernu espainiarrak Katalunian duen ordezkaritzak azaldu zuenez.

      Poliziak inguruko kaleak itxi egin zituen, eta, tokia miatu ondoren, bi motxila aurkitu zituzten, eremu militarraren atzealdean dagoen hormari itsatsita, eremutik kanpo.

      Generalitateko Hiritarren Segurtasunerako zuzendari nagusi Xavier Martorellek azaldu zuenez, bi motxilak elkarri konektatuta zeuden kable batzuen bidez, eta, haietako batean, erdi irekita zegoenez, kanpin gas bonbona bat ikus zitekeen.

      Martorellen arabera, bonba itxura zuen motxila «egiazki artezilarien aurka prestatutako tranpa bat zen». Bere esanetan, motxila horrek «ez zuen leherkaririk eta besteari konektatuta zegoen, benetan eztanda egin duenari, lehena manipulatzean min egin zezan».

      Tedax artezilariek 10.30 aldera zartarazi zuten motxiletako bat. Minutu gutxi barru, besteak egin zuen eztanda, zarata handia eraginez. Leherketaren ondorioz, Parque de los Cuarteles izeneko eremuaren sarreran dagoen horma suntsitu egin zen. Era berean, Defentsa Ministerioaren egoitzaren atzeko pareta kaltetu eta kristalak txikituta geratu ziren. Kale berean obretan dagoen beste eraikin bat ere kaltetuta suertatu zen.

      Bospasei kilo leherkari

      Artezilariek motxila zartarazteari ekin aurretik, Mossos D''Esquadra poliziek bozgorailuen bidez inguruko bizilagunei kalera ez irteteko agindu zieten. Era berean, kontrolak ezarri zituzten Gironako sarrera-irteera guztietan. Ikerketaren ardura, ordea, Polizia espainiarraren esku geratu zen.

      Xavier Martorellek adierazi zuen motxiletan «gutxienez bost edo sei kilo leherkari» zeudela, kloratita edo dinamita izan zitezkeela eta bi kanpin gas bonbona zeudela.

      Generalitateko Barne sailburuak, Xavier Pomesek, baieztatu egin zuen motxiletan «amu bat» zegoela, bonba indargabetu behar zuten artezilariei zuzendua, eta iritzi bera azaldu zuten polizia iturriek.

      Pomesek ETAren «Bartzelona komandoari» egotzi zion lehergailua jartzearen ardura, eta baztertu egin zuen erakunde armatuak Katalunian beste talderen bat duenik. Esan zuenez, poliziaren hipotesien arabera, Katalunian «ez dago bigarren komando operatiborik», baizik eta «joan den irailetik Bartzelona eta inguruetan diharduen komando berberak» jarri zuen atzo bonba Defentsa Ministerioaren eremuan.

      Sailburu katalanak lasaitasunerako deia luzatu zien hiritarrei, eta agintari politikoen lehentasuna «elkarbizitza, bakea eta egonkortasuna bermatzeko lan egitea» dela jakinarazi zien.

      Gironako alkate Joaquim Nadalek, bestalde, atzoko gertaerak ez duela hirian dagoen «elkarbizitza giroan» eragin behar nabarmendu zuen, eta bizilagunei «adi egoteko» eskatu zien, izan ere, «hau bizitzea egokitu zaigun zirkunstantzia da eta horrek hiltzen dutenei arnasa hartzeko betarik ere ez ematera behartzen gaitu».

      Kataluniako PPk ere bere gaitzespena adierazi zuen Alicia Sanchez Gironan alderdi horrek duen lehendakariaren bidez, eta «segurtasun indarren eraginkortasuna» goraipatu zuen.

      IC-Vko presidentea, Joan Saura, kezkatuta agertu zen ETAk Katalunian ekintzak egiteko gaitasuna baduela erakutsi duelako, eta, ildo horretan, PP eta PSOEk sinatu berri duten ituna ez dela eraginkorra adierazi zuen.

      Madrilgo Gobernuak Katalunian duen ordezkari Robert Brellek atentatua ekiditeko lanean jardun zuten polizia indarren arteko elkarlana nabarmendu zuen.

      Índice home